Aste Nagusia

Zuri-Baltza xake taldeak, Bilboko Konpartsakekin elkarlanean, ia bi hamarkada darama Bilboko jaietan xake-jarduerak antolatzen.

Elkarlan horren lehen pausoak 1997 urtean eman genituen, asteazkenez, Bilboko jaietako xake-jarduerak lehen aldiz antolatu genituenean. Hurrengo urtean, egungo eredua ezarri genuen: xake-jarduera ezberdinak astegunetan, eta nazioarteko txapelketa asteburuan. Aipatutako lehendabiziko nazioarteko txapelketa Esperanza frontoian eratu genuen, 1998 urtean, eta Bizkaiko txapelketa zirkuituaren hasiera izan zen.

Aste Nagusia 1

Aste Nagusia 2

Aste Nagusian, gure xede bakarra honakoa da: xakea kalera atera eta festa giroko gune herrikoia sortzea, hala xakean jokatzen ikasi nahi dutenentzat nola zenbait urteren ostean xake-mundura itzuli nahi dutenentzat.

Xake-jaialdi honek, Bizkaian sei egunetan jarraian burutzen den bakarrak, jende oso anitza batzen du. Adineko jokalariek euren iloba txikiekin aritzen dira; “gaupasa” egindako gazteek, berriz, partidak jokatu eta gosaldu, dena aldi berean egiten dute.

Aste Nagusia 3

Lagunarteko partidak jokatzeko espazioaz gain, egun bakoitzean jarduera/erakustaldi ezberdina antolatzen dugu: aldi bereko partidak, Fisher Random Chess modalitatekoak, itsukako norgehiagokak, anti-xakea, partida azkarreko txapelketa, Anaitasunaren zirkuitoa eta arestian aipatutako nazioarteko txapelketa, zeinak opari-sariak banatzen baititu, partaideen arteko harreman ona sustatzeko asmoz.

Aste Nagusia 5